viernes, 24 de octubre de 2008

Istanbul


Apurtxo bat iparraldera, ondoren ekialdera, zertxobait eskubirago, eta azkenik beheruntz egin ezkero Istanbul izeneko paraje zoragarri batera iritsiko gara. Istanbul Turkiako hiririk handiena da eta baita Europako handienetako bat ere, zortzi milioi biztanle ingururekin. Asia eta Europaren erdialdean, garai batean garrantzia handiko lurraldea izan zen, hain zuzen bi kontinenteen arteko merkataritza gunea izan zelako. Aspaldi joan nintzen ni Istanbulera, 12 bat urte izango nituen orduan, eta Erreala "txapeldunen liga"rako sailkatu zen. Aitzakia horrekin, maletak prestatu eta bertara joan ginen ilusio handiz. Bertan igarotako egunak zoragarriak izan ziren! Hamaika lekutan ibili ginen, batetik-bestera egun luzeetan zehar. Besteak beste, Topkapi Jauregia, Mezkita Urdina, Santa Sofia Eliza, Suleiman el Magníficoaren Mezkita etab. ikusi genituen. Horretaz gain, "Bazar Handia" eta " Espezieen Bazarra" bisitatu genituen, erotzeko moduko lekuak! Turkiar bainuetxeak ere ezagutu genituen, eta Bósforo ibaian barrena egin genuen bidaia.


Herrialde musulmana da Istanbul, eta erlijioak agintzen duen moduan, egunero-egunero eguzkia irtetzearekin batera, hiri handian barrena zintzilikaturiko megafonoetatik errezurako deia egiten zen. Bost-sei aldiz errezatzen zen egunean. Mezkitan, gizonak alde batetik eta emakumeak bestetik aritzen ziren errezuan, betiere hanka hutsik eta burua estalia, esku zein hankak garbi-garbi zituztelarik.


Janariari dagokionean, ez zitzaidan gehiegi gustatu! Gazta asko zegoela oroitzen dut, baina inondik ere hemengoaren parekoa! "Baklava"izeneko jaki bat ere jaten genuen (pinazi eta siropez betetako hostorea).


Azken aurreko eguna ametsetako egun horietako bat izan zen. Errealak, Galatasay talde turkiarraren aurka jokatzen zuen, eta bertara gerturatutako errealzale guztiak elkarturik joan ginen Ataturk izeneko estadiora. Ataturk, Turkiako errepublikako lehen presidentea izan zen eta bertotik datorkio beraz izena estadioari. 2-1 irabazi genuen, bai jauna! Pozez zoratzen geurera itzuli ginen berriro ere, oraingoan bai, geure ametsetan noiz berriro itzuliko imajinatuz!

No hay comentarios: