lunes, 5 de enero de 2009

San Sebastian eguna


"BAGERA, GU ERE BAI, GU BETI POZEZ, BETI ALAI, BETI ALAI...! "

Danborrak hasi dira dagoeneko Donostian barrena oihuka. Egun handia iristear da eta Gipuzkoako hiriburuan hasi dira lehenengo prestaketa lanak.
Ihauteriei buruz hitz egitekotan geratu bagara ere, salbuespen txiki bat egin nahi dugu eta Donostiako festei aipamentxo bat egin.

Urtarrilaren 20an, asteartea, gauerdiko hamabietan puntuan hasten da "San Sebastian eguna", Konstituzio plazan Gaztelubide elkarteak lehen nota jo bezain laster. Gaua sekulakoa izaten da. Tabernak lehertzear, eta tanborradak Donostiako kale guztietan barrena jo eta jo aritzen dira.

Festa giroak bestalde, bizirik dirau egun osoan zehar han eta hemen. Eguerdiko hamabietan, udaletxetik hasita, Donostiako ikastola eta ikastetxeetako haurrek danborra jotzen dute hiriko kaleetan barrena. Desfile polita izaten da honakoa, haurrak aspaldiko soldadu trajeez jantzita joaten dira, ikastetxe bakoitzak du berea, eta danbor-joleez gain, barril-joleek, gastadoreek, kantinerek, etab. hartzen dute parte bertan.

Gainerantzean egun alai eta festazalea izaten da. Alde Zaharreko tabernak txikiteroz betetzen dira, "pintxoak" dastatzera joaten diren besteekin batera.

Baina eguna amaierara iritsi bezain pronto, Union Artesanak esaten dio "agur" "San Sebastián egunari". Eta honela, donostiarrek beste urtebetez egon beharko dute zain, bandera txuri urdina diputazioko balkoian ikusi arte.

Beraz, gonbidatuta zaudete guztiok Euskal Herriak dituen jai bikain horietako batez gozatzera! Ah! eta festazale amorratu zaretenontzat, esan, hilaren 9an, osteguna, Antigua auzoko festei hasiera emango zaiela! Ez itzazue galdu!

No hay comentarios: