
Kaixo bidaiari!! hemen gaituzue beste astebetez gure proposamenak egiteko asmoz. Gaurkoan eskuzabal gatozenez gero, baten ordez, bi Urte Berri egun eskeiniko dizkizuegu bidaia bakar batean!
Bai, bai, halaxe da! Izan ere, herri txinatarra munduko zortedunetarikoa ez ote den zalantzan gaude, besteok Urte Berri egun bakarra dugun bitartean, eurak bi dituztenez gero: mendebaldekoa, urtarrilaren 1ean egiten dena, eta "lunar" deiturikoa, urtero-urtero dataz aldatzen bada ere, gutxi gora behera otsaila hasieran edota erdialdean ospatzen dena.
Txinatarrek ongi etorri beroa ematen diote urteari, hamabost egunetan zehar ospakizunak egiten dituztelarik. Hamabost egun hauek "Linternen festa" deiturikoarekin amaitzen dira azkenik. Esan, orobat, bi aste horietan jan edota erabiltzen diren gauza guztiek esanahi bikoitza izan ohi dutela, bakea, arrakasta eta zorte ona iragartzeko.
"Lunar" deituriko Urte Berri eguneko festa " Udaberriko Festa" izenez ere deitua da. Hau dela eta, " udaberria" adierazten duen txinatar ideograma ezartzen da etxeko ate eta hormetan. Ideograma honek udaberri adierazteaz gain, " gehiegizko janari " ere esan nahi du, izan ere, janaria soberan egotea espero da, horrenbeste janari, non datorren urterako gorde ahal izango baiten.
Urte Berri eguna baino egun batzuk lehenago, familiek etxeko garbiketa orokorra egiten dute, eta behar ez diren gauzak bota egiten dituzte , datorren urtea, urte berri eta garbia izango delakoan.
Gabon Zahar gauean, "Twan Yuan Fan" izeneko afaria ospatzen dute familiartean, " bileraren afaria" esanahaia duena. Familiako kide guztiak, aitaren aldeko etxera itzuli behar dute afari honen ospakizunerako. Mahai borobiletan afaldu ohi da , borobilak perfekzioa eta betikotasuna esan nahi duelako, familiarteko harremanetarako espero dena.
Haurrak dira, bestalde, festa hauekin gehien gozatzen dutenak. Izan ere, Gabon Zahar gaueko afariaren ostean, gutun-azal gorrixka batzuk jasotzen dituzte, diru kopuru jakin bat dutenak. Gutun-azal horien kolore gorriak zoriontasuna adierazi nahi du, eta diru kopurua beti izan ohi da bikoitia, "zorte on"-eko zenbakiak baitira hauek. Afariak gaueko hamabiak arte iraun behar du gutxienez, une horretan petardo mordoa jaurtitzen direlarik, izpiritu gaiztoak uxatu eta urte berriari ongi etorria emateko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario